XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ados esan zuen Danik, eta Txabik ere buruko keinuaz onespena eman zion planari.

Mendekatzeko ekintzak zehaztea baino ez zen falta, eta atsoak emandako pauso bakoitzak erantzun bat izan behar zuela erabaki zuten.

Koldo izan zen lehena atsoaren erasoa nozitzen eta horregatik berari galdetu zioten lehenengoz:

- Koldo, pentsatu duzu zer nahi duzun egitea mendeku gisa? galdetu zion Ibanek.

- Bai, lorategiko arbola, landare eta lore guztiak pozoituta ikusi nahi nituzke.

Huraxe zen Koldoren desira eta inolako errukirik gabe bete zuten etxekideek.

Pozoi hautsa erosi zuten eta gauez, atsoa eta zerbitzari desatsegina lo zeuden bitartean, lorategi osoan barreiatu zuten.

Egun gutxitan arrosadiak hil egin ziren, gereziondo sendoei loreak zimeldu egin zitzaizkien eta beste horrenbeste gertatu zen lorategiko gainerako landare, lore eta arbolekin.

Atsoak ez zuen susmo txarrik hartu estudianteengatik; errua zerbitzari berri eta ezjakinari leporatu zion, eta kalera bota zuen berehala.

Haren ordez beste antzeko emakume bat kontratatu zuen egun berean.

Hirugarren pisuko boskoteak balkoi zabaletik mukizapiekin egin zion agur zerbitzari petralari, maleta hartuta burdinesiko ate nagusitik umore txarreko aurpegiaz irten zenean.

Atsoak ez zuen estudianteek nahi adina sufritu, baina neskame desatsegin hura begi bistatik galdu zuten, behintzat, eta Koldoren mendeku egarria aseta geratu zen, gutxi gora-behera.